jueves, 29 de noviembre de 2007

JOSTAILUAK OPARITZEA EGUBERRITAN


Hona hemen kontseilu batzuk umeei zer nolako jostailuak oparitzeko:

"Seguruenik, jostailuak dira Eguberrietan gehien egiten den oparia. Hortaz, segurtasuna eta beste zenbait arazo aintzat hartu beharra dago, batik bat jasotzen dituztenak, alegia, haurrak, bereziki sentiberak direlako.

Jostailurik onena ez da garestiena. Jostailu soilak aukeratu behar dira, eta jaso behar dituen umearen heldutasun mailara egokituak. Jostailua aukeratzeko eta segurua dela konprobatzeko ardura helduei dagokie, beraiek irakurri behar dituzte erabiltzeko argibideak eta segurtasunerako oharrak. Jostailu bat erosterakoan, kontuan hartu honako hauek:

- CE (Europar Batasuna) daramaten jostailuak erosi, ez besterik. Errepara iezaiozu etiketari, bertan arduradunaren helbide eta ezaugarri guztiek agertu behar dute eta. Horrek ez bestek bermatuko du segurtasun neurri guztiak betetzen dituela. Edonola ere, komeni da jostailua dendan probatzea erosi baino lehen.

- Ez onartu jostailurik, non eta etiketa, argibideak, oharrak eta guzti, ezagutzen duzun hizkuntza batean ez baldin badaude.

- Konproba ezazu jostailuak etiketan dioen guztia daramala (batez ere pilak dakartzala badio) eta jostailuan dauden argibideak jarraitu, bai muntaketarako bai erabilera segurua bermatzeko. Umeak ere, erabiltzerakoan, kontuan hartzen dituela zain ezazu.

- Kontuz poltsekin, ez itzazu umeen eskura utzi.


GOGORA EZAZU:
- Ez utzi ume txikienen esku helduxeagoen jostailuak: txiki ditzakete eta beraz arriskutsuak izan dakizkieke. Jostailu guztietan agertu behar du haiekin jostatzeko gutxieneko adina. Kontuz ibili, bereziki, jostailuaren segurtasunari dagokion guztiarekin. Artikulu bakoitzak hauek bezalako ohar bat eraman behar du:

- Jostailu funtzionalak: "Kontuz! Helduen zaintzapean erabili".
- Patineteak eta gurpildun patinak: "Kontuz! Babesteko osagarriekin erabili".
- Uretako jostailuak: "Kontuz! Umeak zutik eta zaintzapean egon daitekeen uretan beste inon ez erabili".
- "Ez da komenigarri 36 hilabetez beherakoentzat". Txirrista, zabuetan? osagai guztien segurtasuna bermatzen duten ikuskapenak egiteko beharra agertu behar da.
- Esperimentu kimikoak egiteko jostailuak 10 urtetik gorakoentzat dira soilik, eta honako oharra ekarri behar dute: "Kontuz! Osagai arriskutsuak dakartza". Halaber, ezbeharrik gertatuz gero egin beharreko lehen zaintzak aipatu behar dituzte.
- Babesgarrien erreprodukzioen kasuetan, hala nola kasko, betaurrekoetan, adierazi behar dute: "Ez du babesten ezbeharrik gertatuz gero".

- Ez ahaztu aldiro ikuskatzea jostailuen egoera, eta hondatzen hasiak erretira itzazu, umeentzat kaltegarriak izan daitezke eta.


JOSTAILU BAT AUKERATZERAKOAN...
- Bazter itzazu indarkeria xaxatzen dutenak.
- Komunikazioa, trebezia eta arreta bultzatzen dituztenak bilatu.
- Erosketa gidatuko duen irizpidea gurasoena bada ere, umearen nahiak ere aintzat har itzazu.
- Ez dago mutilentzako jostailuak eta neskentzako jostailuak.
- Ez utzi bilgarriaren erakargarriak edo salneurriak lilura zaitzan: erakargarriena eta garestiena ez da zertan hobea.
- Jostailu asko erosteak interes falta eta asperdura sorraraz ditzake umearengan. Egizu kalitatearen alde.
- Umearen alderdi desberdinak lantzearren, jostailu bariatuak eros itzazu. Umeak protagonista izan behar du, ez ikusle huts.
- Inportanteena: josta zaitez seme-alabekin.


BIDEOJOKOAK ETA MINIMOTORRAK
Bideojokoak dira salmenten jaun eta jabe halako egunetan. Jokoaren edukiaren eta zuzendua dagoen erabiltzailearen adina adieraziz fabrikatzaileak kaxan bertan seinalatutako logo sistemari errepara iezaiozu: (adina, indarkeria, hizkera zabarra, beldurra, sexua, drogak, bazterkeria, ausazko jokoak?).

Minimotorrak, ordea, ez dira jostailuak, halakotzat salerosten diren arren. Espainian indarrean dagoen legeriak dioenez, jostailutzat jotzen diren minimotor bakarrak jostailuetan espezializatutako saltokietan edo merkataritza gune handietako jostailuen sailetan beste inon ez dira saltzen; alegia, gasolinaz dabilen eta gutxieneko abiadura hartzen duen minimotor bat ez da jostailu bat eta, beraz, 14 urtetik beherakoei galarazten zaie erabiltzea. Kontua da gaur egun Txinatik datozen minimotorrak ugari marka ezezagunekoak eta segurtasun oharrik gabekoak direla. Jostailu gisa komertzializatzen ari diren arren, oso litekeena da jostailu ez izatea.


ADINAREN ARABERAKO JOKOAK.

- 0 eta 9 hilabete bitarte: Sehaskarako jostailuak, musika edota mugimendua dutenak, horzka oratzekoak, txintxirrinak?
- 9 eta 24 hilabete bitarte: Gurpildun gauzak, soinu edota musika duten jostailuak, kulunkariak...
- 2 eta 6 urte bitarte: Helduen bizimodua imitatzeko jostailuak, musika tresnak, pilotak?
- 6 eta 9 urte bitarte: Arau, oroimen eta ausazko jokoak, joko elektronikoak, bizikletak, eskulanak?
- 9 urtetik gora: Estrategia eta hausnarketa jokoak, matematikoak, hizkuntzari lotuak, kartak?"
Irakurri dugun arabera jostailu guztien analisia egin dute eta kontseiluak eman dituzte egokiak ala ez diren egokiak jakiteko. Ikuspuntu desberdinetatik idatzita dago, beraz, geuk geneukan ideia agian desegokia zen. Guztiz baliagarria da hau jakitea opari egokiak egin ditzagun.

Iturria: http://www.irun.org/cod/noticias/ficha.aspx?tipo=noticia&idioma=2&clave=5896

jueves, 22 de noviembre de 2007

Nire aurkezpena

Kaixooo!!!
Amara nauzue eta Barakaldokoa naiz. 20 urte ditut eta Gizarte Hezkuntza ikasten ari naiz.
Oso pertsona zoriontsua naiz eta lagunekin egotea gustokoa dut.
Antzerkia egitea asko gustatzen zait, ia 13 urte daramat antzeslanak aurkezten.
Espero dut zuen gustokoa izatea.
Musu asko.
Amara

Blogaren aurkezpena

Aupiiiii!
Blog honetan teknologi berriei buruz hitz egingo dut. Bertan umeen eta teknologi berrien analisia egiten saiatuko naiz.
Gaia hau aukeratu dut interesgarria iruditzen zaidalako nola sartu den teknologi berriak hezkuntza arloan, batez ere, nerabezaroen artean.
Espero dut zuen gustokoa izatea eta zuen iritziak irakurtzea.
Musu asko.
Amara

miércoles, 14 de noviembre de 2007

Familia eta pantaila berriak: internet, bideo-kontsolen erabilera, etab.

Artikulu honetan denetarik hartu dute: Internet, bideojokoak eta telebista. Bakoitzaren heziketa orientazioak familiarentzat, abantailak/eragozpenak, ondorioak eta gomendioak hartu egin ditu azaltzeko. Eskematikoa izan da eta horrexegatik ulergarriagoa dela pentsatu dut. Guztiz zehatza da baita interesgarria ere.
"Famili sistema aztertu berri da pantaila berrien aurrean (telebista, Internet eta bideojokoak) jartzearen esperientziaren eragina nabarmenki aldatzen duen filtro bezala. Gizakien arteko elkarrekintzako beste prozesuetan bezala, telebistak eta beste pantailek umearen eta gaztearen sisteman eragina dute, gutxienez honako alderdietan:

·Adimen sisteman, prozesu mota honetan ikusmeneko alderdia ahozkoa baino nagusiagoa baita.
·Gizarte ezagutzaren sisteman, izan ere, umeek gizarte egoera asko telebistaren bidez ikus dezakete eta ez benetako gizarte bizitzaren bidez.
·Euren emozioetan, baliabideak emozio eskola ere direlako; gizakiak bata-bestearekin emozionatzeko modua ikasten da.
·Ohitura zehatzetan, besteak beste, elikadura jardueretan, osasunean, jolasean edo aisialdian.

Internet
Internetek onura garrantzitsuak ekarri ditu seme-alaben formaziorako, izan ere, inoiz existitu ez den giza ezagutzen pilaketa izugarria baita. Horregitik, ez dirudi neurri egokia sarean sartzea guztiz murriztea, baina komenigarria da umeak eta nerabeak sar daitezkeen guneak edo guneen edukiak erregulatzea. Sarea umeentzat eta gazteentzat gero eta sarriago erabiltzen duten baliabidea bilakatu denez, gurasoek edo hezitzaileek beti "ikuskatu" beharko dute umeen eta interneten arteko harremana.

Gerta daiteke, oso berria denez edo heldu askok teknologia berriak erabiltzen ez dakitenez, askotan gurasoek seme-alabek telebistan ikusten dituzten edukiak erregulatzea, baina interneten konektatzerakoan inolako eragozpenik ez jartzea.

Interneti buruzko heziketa orientazioak familientzat:

·Seme-alabei sareak dituen abantailak eta eragozpenak azaldu.
·Kalitatezko eduki zorrotzen eta hain fidagarriak ez diren horien artean desberdintzen erakutsi.
·Ez utzi interneten bidez ezagututako pertsonekin hitzorduak ezartzen (gurasoak edo konfiantzazko helduren bat aurrean ez badago eta hitzordua leku publiko batean ez bada).
·Seme-alabei euren datu pertsonalak babesten erakutsi: ez bidali mezu elektroniko bat helbidearekin, telefono-zenbakiarekin, eskolako izenarekin edo argazki batekin eta inoiz ez dute datu horiek foro publiko batean aipatu behar (txat, eztabaida foroak, etab.).
·Konexioetako ordutegiak eta iraupenak ezarri.
·Ez onartu ezezagunek bidalitako materiala, eta ez exekutatu zalantzazko jatorria duen artxiborik.
·Ez erosi inoiz gurasoek ikuskatu gabe.
·Egun eskura dauden babes sistema guztiak erabili adin txikikoentzat debekatutako guneetara sar ez daitezen.

Bideojokoak
Azken hamarkadetan etxeetan gehien agertzen ari den baliabideetako bat bideojokoak dira, bai baliabide informatikoetan barneratutakoak eta bai izaera autonomoa dutenak, denok ezagutzen ditugun bideo-kontsoletan edo bideojoko eramangarrietan.

Bideojokoen abantailak:

·Umeak teknologia munduan sartzeko erabil daitezke, batez ere, teknologia informatikoan.
·Leku-denborazko orientazioaren eta begi-eskuen koordinazioaren alde egiten dute.
·Hainbat trebetasun hobetzen dute, besteak beste: arreta, azkartasuna, memoria eta arrazonatzeko azkartasuna.
·Kontzentrazioa suspertzen dute.
·Hainbat trebetasunen garapenean lagun dezakete: kontzeptu numerikoak identifikatzeko eta barneratzeko, hitzak ezagutzeko eta objektuak eta koloreak identifikatzeko.

Bideojokoen eragozpenak:

·Urduritasuna, antsietatea eta oldarkortasuna sor dezakete.
·Balio desegokiak igorri ditzakete.
·Isolamendua eta barnerakoitasuna sor ditzakete.
·Ondorio txarrak eragin ditzakete erabiltzaileen osasun fisikoan (begien tentsioa, zirkulazio gorabeherak, bihotzaren frekuentzia azkartu, arterien presioa areagotu...), eta baita osasun psikikoan ere.
·Mendekotasuna sor dezakete.
·Umeek beste jardueretarako denborarik ez hartzea eragin dezakete, esaterako, etxeko lanak.

Heziketa orientazioak familientzat bideojokoei buruz:

·Bideojokoari buruzko guztian interesatu eta seme-alaba bideojokoan lagundu.
·Bideojokoa ondo aukeratu, gai sexistarik, bortitzik edo ez solidariorik ez dutenak hartuz.
·Aisialdiko aukerako beste proposamenak egin, gurasoei dagokielako seme-alabei bestelako gauzak interesaraztea.

Telebista
Telebistak, nolabai, amaren eginkizuna ordezkatzen du. Toki nagusiena okupatzen du etxearen diseinuan. Nahitaezko erreferentzi gunea da famili bizitzaren antolaketan. Beti erabilgarri dago, laguntza eskaintzen du goizeko eta gaueko ordu guztietan. Haurren irudimena elikatzen du mota guztietako fantasia eta ipuinekin. Zapuztasun, tristura edo angustia uneetan aterpea da. Eta, ama bigun baten moduan, ez du ezer trukean eskatzen" (Televisión y Educación, Ferrés, 1994)

Gero eta garrantzitsuagoa dirudi familiak pantaila berriekin ezartzen duen harremana kontuan hartzea. Dorr eta Rabin-en arabera (1995) gurasoek honako arauak izan ditzakete telebistari dagokionez:

·arauak ezarri edukiak debekatuz
·arauak ezarri telebista ikusteko orduen kopuruari dagokionez
·telebista ikusteko baldintzak ezarri
Autore batzuek (Vila, 1995), euren telebistaren aurkako jarrera defendatzeko hainbat puntu azaltzen dute:
1.Telebista ikustea umeek denbora gehiago ematen duten jarduera sinpleena da, eta horrek, beste baliabide masiboen kontsumoarekin batera (bideojokoak, bideoak, zinea...) eskolan ematen duten baino denbora gehiago suposatzen du.
2.Telebistak haurren atsedenerako denbora murrizten du.
3.Telebistak, bakarrik oso "suspergarriak" diren esperientziak baloratzeko umeek duten berezko jarduera sendotzen du.
4.Telebistak, printzipioz aberatsagoak diren beste jarduera batzuk ordezkatzen ditu: talde jolasak edo irakurketa.
5.Telebistako eskaintza gero eta zabalagoa den heinean haurrek gehiago kontsumitzen dute.
6.Telebistan aurkeztutako balioek, indarkeriak eta estereotipoek, eta horiek behin eta berriro errepikatzeak, umearengan eragina dute (barneratze afektiboa, sinismenak bereganatzea edo imitatzea).
7.Gurasoek ez dute umeen telebista kontsumoa mugatzen eta kontrolatzen, eta askotan, umeak zaintzen eta isilarazten dituen umezain bilakatzen da telebista.

Telebista gehiegi ikusteak eragin ditzakeen ondorioak:

·Loaren gorabeherak
·Zailtasunak gizarte harremanean
·Egoneko bizitza
·Indarkeriarekiko tolerantzia handiago
·Kontsumoarekiko joera

Gomendioak famlientzat:

1.Kontrolatu umeek telebistaren aurrean ematen duten denbora.
2.Aukeratu ikusi nahi dena eta programen edukiari buruzko informazioa aurretik lortu.
3.Umearen garapenerako programa egokiak aukeratu.
4.Publizitatea, bere asmoa eta konbentzitzeko estrategiak analizatzen lagundu.
5.Seme-alabei distraitzeko aukerak eman, telebista aisialdiko baliabide bakarra bihurtzea ekidin.
6.Telebista itzali familiako otorduetan eta ikasteko denboran.
7.Ikusten diren programetako edukiak eztabaidatu eta interpretatu (elkarrekin ikustea).
8.Ez erabili telebista umeak geldirik edukitzeko tresna gisa, ez molestatzeko helburuarekin."

Iturria:http://www.bilbao.net/nuevobilbao/jsp/bilbao/pwegb010.jsp?idioma=E&color=rojo&padre=*E1&tema=2E1&subtema=10&ficha=7330753727334&padresub=2EI&&textarea=2EI

miércoles, 7 de noviembre de 2007

Teknologia berriak: Telebistaren erabilera hezkuntzan

Artikulo honetan beste tresna bati buruz hitz egingo ditu. Guztiok daukagun tresnarik erabilgarriena: Telebista. Hona hemen hartu dudan artikulu interesgarria.

"Orain dela hogeita hamar urte jendeak telebista masen heziketarako tresna ona zela uste zuen. Gobernuek diru asko inbertitu zuten telebistaren bidez hezkuntza programak garatzeko. Beti gertatu ohi den bezala, lehenengo programak nahiko txarrak izan ziren. Idatzizko testuei irudiak erantsi baino ez zuten egiten, besterik ez. Nolanahi ere idatzizko lengoaia eta irudien lengoaia nahiko desberdinak dira. Imajinatu, Errusian euskaraz mintzatuko bagina, inork ez liguke ulertuko. Ez du zentzurik aipatutako bi lengoaia horiek nahasteak. Beraz, hori ez dugu ahaztu behar.

Dena den, argi dago hedabideek arrakasta izugarria izan dutela. Seguraski, guraso askok seme-alabek eskolatik atera ondoren telebista gehiegi ikusten dutela pentsatuko dute. Estatistiken arabera, batez beste egunean hiru ordu ikusten dute telebista gazteek. Esan al daiteke gehiegi dela? Nire ustez, kasu honetan denbora ez da gauzarik garrantzitsuena. Jakina da telebistaren aurrean egoten garen denbora kontuan hartu behar dela, baina agian kalitateari ez zaio behar duen garrantzirik ematen.

Gurasoek telebistari buruz duten iritzia ezkorra bada ere, telebistak ekarpen handiak bultza ditzake ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan. Eduki batzuk irudiekin oso ondo adieraz daitezke. Adibidez, historiako hainbat gertaera ulergarriagoak izan daitezke pantaila txikian ikusteko aukera izanez gero. Esate baterako, Berlingo harresiaren erorketa, ilargirako bidaia, sumendien erupzioak, Chernobilen gertatutakoa, baso-suteen ondorioak eta abar irudien bidez testuen bidez baino hobeto uler ditzakegu.

Gauzak horrela, sortzen zaidan galdera hauxe da: zergatik ez da, bada, erabiltzen telebista ikastetxeetan horrelako ondorio nabarmenak baditu ikasketa prozesuan? Ia inork ez dizkio ikasle bati liburuak debekatzen gehiegi irakurtzen duelako. Zergatik? Gure gizartearentzat liburuak irakurtzea telebista ikustea baino hobea delako, lehenengoek jasoagoak baitirudite. Askok diote telebista txarra daukagula, baina liburu txarrak ere baditugu. Gakoa ez da telebista ona edo txarra daukagun, baizik eta hedabide horri zein erabilera ematen diogun.

Hasieran kalitatea aipatu dut. Kalitatea zehazterakoan gutxienez bi aldagai eduki behar ditugu kontuan. Alde batetik, telebista programa bera egokia denentz; eta beste aldetik, programa hori erabiltzeko era aproposa denentz. Programa on batek ez du ezertarako balio gaizki erabiltzen badugu, eta era berean, programa txar batekin ariketa egokiak egin ditzakegu. Adibidez, jendea telebistan iragarki gehiegi sartzen dituztelako kezkatzen da, baina oso jarduera politak egin ditzakegu iragarkiak erabiliz. Galiziako eskola batean publizitateari buruzko hausnarketa interesgarriak egin zituzten. Besteak beste, galdera hauek planteatu zituzten hausnarketarako: zer ordutan sartzen dituzte iragarki gehiago? Zein motatakoak? Nori zuzendutakoak? Zein egunetan? Horiek bezala beste mila galdera sor daitezke iragarkiei buruzko hausnarketa egiteko. Froga ezazue!

Horrez gain, gelan erabil ditzakegun programak ez dute hezkuntzarako berariaz egindakoak izan behar. Adibidez, probabilitatea lantzeko James Bond-en filmaren zatitxo bat ikus dezakegu eta ondoko galderak planteatu: Kasinoan dagoenean, zein da dadoetan bi seiko ateratzeko probabilitatea? Eta gauza bera berriz gertatzeko?

Telebistaren erabilerak gelako antolaketa aldatzen du. Normalean irakasleak hitz egin eta ikasleek entzun egiten dute. Teknologia berri honekin irakasleen eta ikasleen artean zegoen komunikazio zuzena galdu egiten da. Batzuen ustez, arrazoi hori nahikoa da telebista ez erabiltzeko. Haien iritziz, irakasleak etengabe ikusi behar ditu berak esaten duenari buruzko ikasleen erreakzioak. Ni ez nago ados iritzi horrekin. Ikasleen artean esertzen bagara, beraiek pentsatzen dutenari buruzko gauza asko asma ditzakegu.

Irakasle batzuk uste dute behin telebistako programa ikusita ariketa amaitu egiten dela. Haatik, guztiz kontrakoa da. Benetako lana telebista ikusi eta gero hasten da. Telebista programa batekin informazio pila bat jaso dezakete, baina ondoren informazioa landu egin behar da. Gaur egun telebistaren munduan izugarrizko garrantzia ematen zaio informazioa jakiteari, baina informazio bat gogoratzea buru eragiketarik sinpleena da -bestela ordenagailuak ez lukete egingo!-. Guri interesatzen zaiguna da ikasleek beren kabuz pentsatzea eta erabakiak hartzea; eta hori lortzeko informazioa baino gehiago behar dute.

Baina nola landu jasotako informazio hori? Ez da erraza. Guk ezin dugu egin beraien partez. Irakasleen zeregina ikasleei informazioa antolatzen laguntzea da. Hau da, informazioa erlazionatzeko, laburtzeko, aztertzeko, aplikatzeko edo ideia garrantzitsuenak azaltzeko eska diezaieke. Beraz, lanik garrantzitsuena telebista ikusi eta gero egiten da. Gaur egun informazioa edonon aurki dezakegu, baina ez gure pentsamendua, eta ezta erabakiak hartzeko gaitasuna ere.

Telebistak gero eta merkeagoak dira. Beraz, ez litzateke ideia txarra izango gela bakoitzean telebista bat jartzea. Ikusten dudan arazo garrantzitsuenetako bat klaseek telebistaren programazioaren erritmora joan beharra da, eta hori normalean ez da gertatzen. Horretarako, bideoak aukera interesgarriak eskaintzen dizkigu. Guk erabakitzen dugu zer, noiz eta zenbat aldiz ikusi. Hala ere, bideoari buruz datorren hilabetean hitz egingo dugu."

Irakurri dudanean asko gustatu zait aspektu guztiak hartu dituelako eta guztietrako kritika zehatza eman du. Ideiak interesgarriak izan dira. Baina badago konparaketa bat nik ados ez nagoenarekin: telebista vs liburuak. Uste dut liburuak genero oso desberdina dela non imaginazioa garrantzitsuena dena eta ez irudiak. Honelako konparaketak ez ditut zentsua ulertzen baina "para gustos estan los colores", ezta?.

Iturria: http://www.hikhasi.com/artikulua/716

jueves, 1 de noviembre de 2007

Haurtzaroa eta denbora-pasa

"Bakarkako aisialdia
Teknologia berriek aisialdi-plegu sedentario eta indibidualagoak agertzen eta ugaltzen lagundu dute.
Parkea, txapak, kanikak eta ogitartekoa ordezkatuak izan dira: orain, merkatal gunea, bideojokoak, telebista eta hanburgesa dira indarrean. Haur txiki eta nerabeen topaleku zen kale hura desagertuta (jolasteko toki segururik ez izatearren eta gurasoak trafikoarekin eta seme-alabei norbaitek egin diezaiekeen balizko min edo kaltearekin beldurturik, besteak beste), hiria umearentzat jolastoki desegokia bihurtu da. Egun, espazio irekietan libre jolastea ia-ia ezinezkoa da, errealitate berri horretako eskola-jardunaldi luzeekin, eskolaz kanpoko ekitaldiekin eta aisialdirako produktuen oldearekin lotzen badugu, batik bat.
Dagoeneko haur asko ez da jolasten, horren ordez denbora-pasako produktuak (telebista, bideojokoak, etab.) "kontsumitu" egiten du: horra txikien astia betetzeko irtenbide soila, olgetaren globalizazioa. Egungo gizarte honetan teknologia geroz eta indartsuagoa da eta aisialdia, orain, elektronikoa da. Segapoto bidezko mezu laburren igorpena eta chat mundua gaztetxoen ohiko harremanak aldarazten ari dira eta sendagilearen kontsultara iritsi dira dagoeneko lehen ziber-morroiak: haur eta nerabe horiek ezin diote utzi bideojokoekin aritzeari edo online berriketan jarduteari.
Espainiako Hedabideak Ikertzeko Elkarteak argitara eman zuen "Espainiako 2004 urteko Hedabideen Audientzia haur eta Gaztetxoen artean" azterlanak azpimarratu zuenez, 8 eta 13 urte arteko umeek beren geletako pelutxe tradizionalen ordez musika-ekipoak (%46,4), telebistak (%36,2) edota ordenagailuak (%22,1) ezarri dituzte. Bideojokoak gaztetxo guzien %73,7k dauzkate eta astean, batez beste, 172 minutu ematen dituzte horiekin jolasean. Haur eta gaztetxoen gogoko jokoetatik abentura, kirol eta ekintzakoak dira nahienak. Gazteen herenak telefono mugikorra dauka, erabilera pertsonalerakoa. Telefono mugikorra hitz egiteko eta mezuak jaso eta igortzeko (%80-%82) ez ezik, jolasteko ere baliatzen dute gazte askok (%51).
Gainerakoengandik isolatzeko, bakarrik eta eserita jolasteko joera geroz eta nabarmenagoa da gure seme-alaben aisialdi-aztura berri horietan. Ikea Ibérica S.A. enpresak eginiko azterketa baten arabera, haur gehienak (%60) bakarrik jolasten dira, beste batzuk (%35) adiskideekin eta umeen %3k baizik ez du nahiago familiarteko batekin jolastea; datu horietan, behintzat, neskato eta mutikoen artean ez dago alderik. Jolastoki gogokoena aire zabala bada ere (%68), jostatzeko beste leku bat hautatzean, norberaren gela aukeratzen dute erdiek (%46%), bertan dauzkatelako beren gauzak eta lasai egoteko bermea.
"Bakartasuneko aisialdi" horren aurkako aukera ohikoena merkatal gunea da, nerabeen txulo kuttun eta mina, bertan premia guztiak ase ditzakete-eta: bolatokiak, makinak, litxarreriak eta fast food erosteko dendak, zineak...
Haurraren Eskubideen Konbentzioak ume guztiei zor zaien "atsedenaz eta aisialdiaz gozatzeko, jolasteko eta olgetan aritzeko eskubidea" aintzat hartu zuen. Haurrek praktikatzen dituzten jolas-jarduketek geroagoko garapenean eragina izaten dutenez, bideo-kontsola edo Internetekin orduak eta orduak ematen dituztenak, gerora, bakarti eta barnerakoiago dira kalean jolasten direnak baino.
Hauek dira jolas-tekniken eboluzioa eta haurren garapenean jolas-jarduketa daukan garrantzia sakon ikertu dituen Granadako Unibertsitatearen azterketa bateko ondorioetako batzuk. Adituak ere bat datoz: eskolaz kanpoko jardueretan eta bideo-jokoetan denbora gehiegi emateak haurtzaroko hezkuntzan garrantzi gehien daukan baina gutxiegi balioztatu den jardueretako bat arrisku gorrian jarri dute: berezko jolasa, umeek beraiek sortu eta araututakoa, umeen irudimen eta sormena garatzeko ezinbestekoa.
Bizi-erritmo azkarra eta agenda bete-betea bereizgarri dituen heldu eta haurrek osaturiko gizartean, gurasoek eta seme-alabek elkarrekin jarduerak egiteko duten beta urritu egiten da. Gurasoek seme-alabekin emateko asti askorik ez dute: horren muturrean "giltza-haurrak" ditugu, hots, eskolatik irten eta etxera bakar-bakarrik doazenak, hantxe "beren bizitza bilatzera".
Pediatrics aldizkariaren azken zenbakian Pediatriaren Amerikar Akademiak plazaratutako txosten batek azpimarratu duenez, jolasak sormena adierazteko eta irudimena, esku-trebezia, gaitasun fisiko, kognitibo eta emozionalak garatzeko aukera ematen dio haurrari. Beraz, garuna osasuntsu garatzeko garrantzi handia du horrek. Egituratu gabeko jolasak dituen alderdi mesedegarrietako bat, haur batzuk (pertsona heldurik gabe) elkartzen direnean, talde-lanean aritzen, gauzak partekatzen, negoziatzen, gatazkei konponbidea bilatzen eta ematen eta nork bere ikuspuntua defendatzen ikasten dute. Gurasoekin jolasteko aukera duenean, berriz, helduek arreta osoa bideratzen diotela atzematen du haurrak eta horrek, bistan da, harreman iraunkorrak eraikitzen laguntzen du. Jolasak haurrak kontzentratzeko eta oroitzeko dituen gaitasunak bikoiztu egiten dituenez, ikasketa soilago gertatzen da horrelako jardueretan aritzen denean, Kataluniako Pedagogoen Kolegioak arestian eginiko azterketa baten arabera.
Informazio eta Komunikazioaren Teknologiek adin txikikoengan eraginiko inpaktua
Informazio eta Komunikazioaren Teknologia (IKT) berriek bizitza sozialean duten inpaktuak haur eta gazteen jokabide eta aisialdi-azturetan berebiziko aldaketa eragin du, aurreko belaunaldietako pertsonenen aldean. Gazteek chateatzen, bideo-jokoekin eta Sarean nabigatzen ematen duten denbora urterik urte areagotuz doa, sekulako abiadan, gainera. Espainiako nerabeen kasua harik eta sintomatikoagoa da: horietako asko eta askok egunean sei ordu baino gehiago ematen dituzte teknologia berriekin kontaktuan (Internet, telefono mugikorra, bideo-jokoak, mp3 erreproduzitzailea, etc.).
Adituek diotenez, IKT horiek, berez ez dira onak, ez txarrak ere. Online jokoetan denbora gehiegi emateak, esate baterako, morrontza, ergonomia eta, areago ikusmen alorretako arazoak sortaraz ditzake baina zentzuz erabiliz gero, errehabilitazio-faktore izan daiteke (hainbat funtzio psikomotor estimulatu eta erreflexu-azkartasuna areagotzeko, adibidez). Kontua da informazio eta aisialdirako bitarteko berri horiek nola erabiltzen diren.
Gaztetxo eta nerabeek -hau da, aisialdi digitalaren kontsumitzaile behinenek-gehien eskatzen dituzten produktuetako bat da bideojokoa. Adin Txikikoaren defendatzailearekin batera Protégeles y Civértite elkarteak eginiko azterketaren arabera, bideojokoa bere asti eta aisialdiko oinarrizko lanabes ikusten dute haurrek eta, hortaz, maiz erabili ohi dute, mutikoek bereziki.
Inkestari erantzun dioten adin txikikoen %69, adibidez, eskuarki jolasten da horietan. Sexuen arabera, adin txikiko gizonezkoen %85ek eta neskatoen %52k baliatzen dituzte bideojokoak. Jarduera horretan ordu asko ematen dituzte gazteek; %23k asteburuan egunero bi ordu baino gehiago pasatzen ditu eta %9k bakarrik esan du asteburuan aparatua piztu ere ez duela egiten. Bideojokoek askotan talde-aisialdiaren kontzeptuari erantzuten dioten arren, gehienetan (%52) adin txikikoak bakarrik jolasten dira.
Nafarroako Unibertsitateak oraindik orain eginiko azterlan batean azpimarratzen du gazteen gairik gogokoenak abentura eta ekintza direla; horien %38ren iritziz, jolasek ikasteko eskaintza murriztu egiten dute eta %18k aitortu duenez, gogorregi gerta dakizkioke. Txosten horren arabera, gurasoak eta seme-alaben arteko liskar-iturri behinena pantaila aurrean emaniko ordu-kopurua, jolas horiek eskola-etekinean, loan eta osasunean duten eragina da, inondik ere ez edukien kalitatea edo egokitasuna, adibidez. Bideojokoak baliatzen dituzten haurren %45ek onartzen du: gurasoekin kalapitak izaten dituzte, pantaila aurreko denbora dela tarteko; Internetez ari garela, aldaki horrek eztabaiden %16,8 betetzen du; telefono mugikorrak sail honetako atzenak dira: %7,5 baizik ez.
Nerabe eta gaztetxoentzat ezin utzizko elementu bilakatu da Internet. Espainiako Estatistikaren Institutu Nazionalak 2006 urteko lehen seihilekoaz emaniko datuen arabera, 10 eta 14 urte arteko hamar haurretatik batek darabil Internet. Nafarroako Unibertsitateak eginiko azterketak azpimarratzen duenez, Internetekin konektatzen duten gaztetxoen 35 jolasteko asmoz sartzen dira bertan eta %44, berriz, filmak, abestiak eta programak deskargatzeko xedez. Bestetik, haurren %61ek Sarean sartzen direnean bakarrik ohi daudela aitortzen dute eta gurasoen %35ek ez dute seme-alabak begiratzen hauek Interneten sartzen direnean.
"Fundació Catalana per a la Recerca" elkartearen "Internet Segura" azterketak (2003) egoera hori adin txikikoentzat arriskutsua zela azpimarratzen zuen, umeek chatak baitituzte gogoko. Chatetako idatzizko solasaldietan murgildurik, baliteke mintzakidearen egiazko nortasuna zehatz-mehatz identifikatzea zail gertatzea edo, areago, komunikazio birtual hori egiazko bizitzara lekualda lezakete, horren emaitzak ezin aurreikustezkoak izanki.
Telebista
Nafarroako Unibertsitateak haurren aztura eta zaletasunez eginiko azterketak argi eta garbi erakutsi du umeak bizi diren ingurune digitalean telebista dela erakargarritasun eskaseneko bidea, elkarreraginean aritzeko aukerarik ematen ez duelako. Aisialdi elektroniko elkarreragileagoak geroz eta toki gehiago harrapatzen dio pantaila txikiari, ikusle gazteenen artean.
Azken zortzi urteotan Espainiako umeek eguneko telebista-kontsumoa 18 minutuz urritu dute; orain, bestelako pantailetan ematen dute denbora hori: Interneten, bideojokoetako kontsoletan, telefono mugikorretan, etab., hauek elkarreraginean aritzeko aukera handia ematen dutelako. Joan den urtean erabiltzaile gazteenen artean beherako joera hori finkatu egin zen, hirugarren urtez segidan.
Corporación Multimedia-k emaniko datuen arabera, 2006 urtean 4 eta 12 urte bitarteko umeek egunean batez beste 140 minutuz ikusi zuten telebista, hau da, aurreko urtean baino bi minutu gutxiago eta aurreko urteetan baino 18 minutu gutxiago. Nerabeek, ordea, telebista kontsumoari eutsi egin diote eta, hala eta guztiz ere, haur batzuek denbora gehiago ematen dute "kanguru katodikoaren" ondoan lagun eta senideen artean baino.
Kataluniako Ikus-Entzunezkoen Kontseiluak "Hezkuntza ikus-entzunezkoen inguruan" gaiaz eginiko liburu zurian ondorioztatzen denez, umetxoek urtean ikasturteko 23 egunen baliokidea ematen dute gogoko programetara begira (hauek pertsona helduentzakoak badira ere). Egunean batez beste 40 minutu ematen dute telebista prime time ordutegian (21:00etatik 24:00ak arte). Pantaila txikian ia 2.000 ekintza bortitz ikusten dituzte urtean; 15 urteko mutiko edo neskato batek bere bizitzako 17 hilabete eman ditu telebista begira.
Hiru adin txikikotatik batek telebista dauka bere gelan eta %62k, erabiltzen ari denean, ez du gurasoen zaintzarik (gurasoen erdiek, bitxia bada ere, seme-alabek telebista gutxi edo oso gutxitan ikusten dutela uste dute). Maila ekonomikoa zenbat eta apalagoa izan, orduan eta denbora gehiago ematen da pantaila aurrean, aisialdi-aukera urriagoak dituztelako familia horiek.
Telebista begira astean ematen dituzten 19 ordu horiei bideojoko eta ordenagailuan pasatzen dutena eransten bazaie, emaitza argi dago: adin txikikoak pantaila aurrean 30 ordu ematen ditu batez beste. Ikus-entzunezkoen kontsumo hori helduen kontroletatik at egiten da, batik bat."

Artikulu honetan azaltzen du aurrekoan esandakoa. Hemen sakonago azaldu dute eta aurrekoarekin zerikusia zuenez komenigarria iruditu zait jartzea. Gainera, gai interesgarria da gehiago jakitea zer nolako joera hartu behar dugun arazo hauen aurrean.