"1. SARRERA
Informazioaren garaian bizi omen gara, komunikazioaren aroa omen da gurea. Komunikabideek izugarrizko pisua hartu dute eta teknologia berriek gure bizimodua errotik aldatu dute. Komunikabideen eragin sozial eta kulturalaren inguruko teoria ezberdinak badaude ere, herritarren informazio, pentsakera eta ikusmoldea baldintzatzen dutela nahiko nabaria da.
Ildo honetan, esan dezakegu
komunikabideen eragin kulturala hezkuntza sistemarenarekin alderatu dezakegula. Egia da hezkuntza sistemak herritarren pentsakera moldatzeko daukan gaitasuna asko mitifikatu dela, eta komenigarria da bere neurrian kokatzea. Azken batean, nola uler daiteke, bestela, eskola frankistan ikasi zuen belaunaldian gehiengoa soziologikoki abertzalea izatea? Argi dago, hezkuntza sistemarekin batera, bestelako aldagaiak badirela pertsonaren nortasuna eratzeko orduan (familia, kalea). Baina argi dago, halere, hezkuntza sistemak eragiteko gaitasun handia izan duela.
Bada, gaur egun, esan dugun bezala, komunikabideen eragiteko gaitasuna hezkuntza sistemarenarekin konpara daiteke. Kontutan izan, maila koantitatibo soilean, haur/gazte batek ordu kopuru gehiago igarotzen duela urtean telebistaren aurrean, ikasgelan baino. Maila koalitatiboan, berriz, eztabaidaezina da irudiek duten eragiteko gaitasuna, eta irudien munduari dagokionez hezkuntza sistema komunikabideen oso atzetik doa argi eta garbi.
Ildo honetan, bi funtsezko eztabaida eman behar dugu, komunikabideen esparruari dagokionean, Euskal Herrian:
·Lehenik eta behin, komunikabideen inguruko hausnarketa egin beharra daukagu: zer nolako ereduak bultzatzen ari diren; zer eragin izaten ari diren belaunaldi berrien heziketari nahiz oro har gizartearen kulturari dagokionean; eta zer nolako irizpideak jorratu beharko lituzketen komunikazio osasungarria bultzatu eta funtzio hezitzailea betetzeko. Euskal Curriculumari buruz ari garelarik, euskal komunikabideek zein rol jokatu beharko luketen bere garapenean.
·Bigarrenik, hezkuntza sistemak komunikazioaren, komunikabideen eta teknologia berrien afera nola jorratuko duen, zein kontzeptu, abilezi eta balore sustatuko dituen ikasleen artean. Hau da, Euskal Curriculumean zein irizpide landuko dituen afera horiei dagokionean.
Asko idatzi da komunikabideen inguruan, orokorrean, baina gutxi idatzi da aipatutako bi eztabaida horiei dagokionean. Agiri hau, beraz, beharrezkoa den eztabaida sozial baterako oinarriak jartzeko saiakera bat besterik ez da.
2. KOMUNIKABIDEAK ETA HEZKUNTZA SISTEMAKomunikazioa eta komunikabideakKomunikazioa hitza egunean hamaika aldiz entzuten dugu, baina zer da?
·Komunikazioa eskubidea da.
·Komunikazioak bi norabide ditu.
·Komunikazioa partaideen elkar ezagutzan oinarritzen da.
·Komunikazioa kultura eta jendarte sortzailea da.
Komunikabideak, teorian, komunikazio-bideak dira. Horrela ote dira praktikan? Masa komunikabideak mezuak bidaltzeko euskarriak dira, norabide bakarreko mezuak, itzulerarik gabeko mezuak bidaltzeko tresna boteretsuak. Beraz, esan dezakegu komunikabide gehienak ez direla komunikazio-bideak. Aitzitik, komunikazio tresnak izan beharrean “komunikazio lapurrak” dira, gure espazio komunikatiboak lapurtzen dute, komunikazio faltsua eskaintzen digute, kontsumo hutsean oinarritutako komunikazioa sortzen dute, beraiek eman eta gainontzekook jaso… Gazteak honetan kaltetuenak dira, komunikabideen eragina sakonagoa.
Komunikabideak eta gazteak
Komunikabideak gure eguneroko bizitzan txertaturik daude, naturaltasun osoz kontsumitzen ditugula esan dezakegu, nahiz eta horixe ez den beste kontsumo soil bat. Hedabideen erabilera onerako edo txarrerako izan liteke, eta biak aldi berean. Komunikabideak kontsumo soil batetik ulertzen baldin baditugu, txarrerako izango da. Zertarako diren, zer esaten duten, nola esaten duten eta abarrak aztertzeko gaitasuna baldin badugu eta etengabean praktikan jartzen badugu, hauen erabilera onuragarria izan daiteke.
Gaur egun, gazteek komunikabideak kontsumitzen dituzte, modu berezian kontsumitzen dituzte eta helburu jakin batzuetarako kontsumitzen dituzte. Gehiegi sakondu gabe, honako fenomeno hauek konstatatu behar ditugu:
·Telebistaren gehiegizko kontsumoa. Infomatzeko baino, aisialdirako kontsumitzen dute gazteek, “denbora pasatzeko” askotan. Gazte batek egunean 24 ordutatik 4 igarotzen du telebista aurrean. Urteko konputo orokorra egingo bagenu, 1400 ordu inguru direla ikus dezakegu, eskola orduen gainetik dagola konturatzen gara, beraz. Gazteak sinestesia maltzur moduko bat bizi du telebistarekin: irudiarekin liluraturik, errealitatea eta dramatizazioa nahasten ditu.
·Teknologi berrien eta interneten garapena. Gazteen artean kontsumoa ikaragarri hazten ari da. Teknologi komunikatiboak inoiz baino eskuragarriago dituzte era berean. Gazteen artean ekipamendu teknologiko oso altua da. %88ak telefono mugikorra du. Baina horrek ez du esan nahi komunikatzeko aukerak inoiz baino handiagoak direnik, hezkuntza komunikatiboa hutsaren parekoa baita.
·Bestelako medioan kontsumoaren desagerpena, prentsa idatzia batik bat. Irratiren kontsumoa musika hutsera gerturatzen da.
Komunikabideak eta hezkuntzaOro har esan dezakegu ez dagoela medioen partetik helburu hezitzailerik. Herri ekimenez sortutako hedabideen kasuan izan ezik, helburu ekonomikoa gailentzen da, telebistan gehien bat. Eta telebista da hedabide kontsumituena.
Telebista interes politiko edo/eta ekonomikoen zerbitzura dago argi eta garbi. Ez dago Telebista hezitzailerik, ez dute helburu hezitzailerik (guk hezitzailea ulertzen dugu moduan behinik behin). Ildo honetan, hausnarketa berezia egin beharko litzateke telebista publikoaren paperari dagokionez, zein den bere erantzunkizuna arlo honetan eta zein bitarteko jarri beharko lituzkeen hezikeetaren aferari erantzuteko (herri ikuspegia, programazioa definitzeko metodologia jakin bat...).
Komunikabideetako batzuk, batez ere irrati eta egunkariak, ikasleen bisitak antolatzen dituzte beren erredakzioetara. Ekimen interesgarriak izan daitezke hauek, baina horiek burutzeak ez du esan nahi komunikabide hauek plangintza hezitzaile garatu bat dagoenik.
Euskal komunikabideek hausnartu beharko lukete zer nolako eragina izaten ari diren gazteen eta oro har herritarren artean eta zein papera jokatu nahi duten. Gure iritziz, ikuspegi hezitzailea jorratzen hasi beharko lukete.
Hezkuntza sistema eta komunikabideak
Komunikabideen paper hezitzaile edo ez hezitzaileaz ez du hezkuntza sistemak hausnarketa handiegirik egiten. Normalean, komunikabide ezberdinen erabilera txertatzen da hezkuntza prozesuan, ikasgelako jarduera bideratzeko soporte lagungarri moduan. Esaterako, jarduera jakin bat burutzeko prentsako berri bat hartu daiteke, bideo bat ikusi edo beharrezkoa den informazioa interneten bilatu. Era honetan, komunikazio soporte ezberdinak ezagutzeko parada dute ikasleek. Interneten kasuan, herritarrek bitarteko berri hau teknikoki menperatu dezaten interes handia dago instituzioen aldetik, eta eskolek teknologia berrien erabilera integratu behar dutela esaten da behin eta berriz.
Alabaina, hezkuntza sistemak ez da mugatu behar komunikabideen alderdi teknikoa erakustera, hedabideen funtsa ere irakatsi beharko luke. Une honetan, salbuespenak salbuespen, gazteek ez dute kultura komunikatiborik jasotzen, esan liteke ikastetxeetan ez zaiela honen inguruko heziketarik eskaintzen. Hitzak irakurtzen ikasten dute, baina ikus entzunezkoen hizkuntzan analfabetoak sortzen ditugu, irizpiderik ez duten pertsonak (zer eta zergatik ikusten ari diren hori aztertzeko gaitasuna) eta, beraz , jaso besterik egiten ez dutenak. Zer diren tresna komunikatibo horiek, nola egiten diren, horien erabilera teknikoak, balore subjektiboak, esaten dutena kritikatzeko gaitasuna, asimilazio gaitasuna… Asko da hezi behar dena, bestela medioen morroitzara kondenatzen ditugu ondorengo belaunaldiak.
Hezkuntza sistema beraren sinesgarritasuna bera dago uneotan auzitan. Izan ere, ikasgela barruan erakusten den “errealitatea” eta kanpoan, mundu mediatikoan, dagoen “errealitatea” ez datoz bat. Eskolak kanpoko errealitate horri buruz ez badu hitz egiten, gazteek “errealitatetzat” definitzen duten horri ezikusiarena egiten badio, eskolaren mezuak indarra eta balioa galtzen du.
Ahula da komunikazioaren gaineko heziketa gazteen artean. Ikuspuntu horretatik begiratuta, ondo legoke hezkuntza sistema arautuan ikasketa bereziak txertatzea komunikazioaren mundua ulergarriago izan dakion gazteari, liluratik haratago. Esan bezala, uneotan kezka bakarra teknika ezagutzea da eta, hori abiapuntua izan badaiteke ere, ez da nahikoa.
Jendartea, komunikabideak, komunikazioaAlfabetatzea modu dinamiko batean ulertu behar dugu. XIX. mendeak pertsona bat alfabetatutzat hartzeko zeuden irizpideak eta “mundu modernoan” eskatzen zaizkionak ez datoz bat. Une honetan, alfabetatuari ez zaio eskatzen hitzak ezagutzea bakarrik. Mundu modernoak errotorika eta argudioa eskatzen dizkio. Poesia ulertzea, metafora ulertzea, elipsiaren balioa harrapatzea… horiek guztiak beharrezkoak ditu herritarrak mezu konplexu modernoak ulertzeko. Jendarte-komunikazioaren mezuen dekodifikazio zuzena, naturala ez da nahikoa. Irakurketa denotatiboak ez dira nahiko, konnotatiboak ere behar ditu herritarrak mezu mediatikoa ulertzeko. Nola bestela, adibidez, publizitatea ulertu?
Jendarte- komunikazioa saihestezina da gaur mundu industrializatu, garatu eta bisual honetan. Zentzu honetan, medio eta mezuekiko trebakuntza ezinbestekoa da."
Nahiz eta sarreran agertu euskal curriculuma ez dut horretaz hitz egingo. Artikulu honi bigarren partea moztu diot interesgarria irdutitu ez zaidalako. Beraz, lehenengo partea utzi egin dut aladatu barik guztiz interesgarria, zehatza, argia, eta abar delako. Ia komentariorik eta zer esateko ez daukat. Komunikabide hitza eta sentzuaren laburpena egin du. Guztiz osatua. Benetan ados nago esandakoarekin eta zeozer gehitzea oso zaila. Beraz, esan dezaket, gustatu zaidan artikulurik hoberena hauxe dela.Iturria: http://www.udalbiltza.net/euskalcurriculuma/?q=node/31