lunes, 22 de octubre de 2007

BTEK, teknologia ezagutzeko EAEko lehen zentroa

"BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroa, teknologia ezagutzeko Euskal Autonomia Erkidegoko lehen zentroa, 2008ko azken hiruhilekoan jarriko dute martxan.
Bizkaiko Teknologi Parkeko 602 eraikinak (gaur egun eraikitzen ari dira), 5 milioi euro inguruko inbertsioa izango du, Teknologiaren Interpretazio Zentroa eraikitzeko. Abangoardiako arkitektura izango du eraikinak, ingurumena zainduko du eta jasangarria izango da; esate baterako, eraikinaren estalki nagusia, eraikinaren bereizgarrietako bat izango dena, eguzki-panelez estalita egongo da osorik.
Kultura teknologikoa sustatzea izango du xede Teknologiaren Interpretazio Zentroak, bai eta gazteen artean berrikuntzaren aldeko giroa sortzea ere, ikasleek teknologiari dioten beldurra gal dezaten.
Gainera, gizartearen eta Bizkaiko parkearen zein bertoko enpresa eta teknologia-zentroen arteko zubia izango da zentroa, eta harreman berezia izango du Bizkaiko Teknologi Parkean egiten den zientzia eta teknologiarekin.
Bizkaiko Teknologi Parkea, Elhuyar Fundazioa eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartea dira BTEKen bazkide eratzaileak, eta, berriki Euskal Herriko Unibertsitatea, eta TECNALIA eta IK4 teknologia-korporazioak gehitu zaizkie aurrekoei. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren laguntza osoa du proiektuak.
Orain, bazkide laguntzaile berrien zain dago ekimen hau —enpresa-arlokoak batez ere—.
Funtzionamendua
BTEK Euskadiko eta lurralde mugakideetako eskola-umeentzat, batez ere DBHko lehen zikloko umeentzat, antolatu da. Euskal Autonomia Erkidegoan DBHko 450 ikastetxe daude, eta horietatik 228 Bizkaian daude. 2005-2006 ikasturtean, DBHko 69.644 ikasle zeuden EAEn, eta 36.750 ikasle Bizkaian. Kalkulatu dutenez, martxan jarriko den urtean 3.000 ikasle inguru hartuko ditu interpretazio-zentroak.
Horrelako beste zentro batzuk badira munduan. EAEn eta Espainiako estatuan, ordea, aitzindaria da hau. Bizkaiko Teknologi Parkeak, zentro hau diseinatzean, hainbat teknologia-erreferente hartu ditu oinarri, hala nola Bostongo MIT Museum eta Suediako, Kaliforniako, Municheko edo Berlingo zentroak. Elebiduna izango da hemengoa, bisitaldi gidatuak, ikus-entzunezkoak edo bisitaldi libreak antolatuko ditu eta erakusketa iraunkor bat izango du —lau erabilera-eremukoa–, bai eta aldi baterako erakusketak eta tailerrak ere.
Erakusketa iraunkorrak teknologia sendotua erakutsiko du. Sarreran, bisitariekiko elkarreragina landuko da. Beste hiru arloei dagokienez, Internet, Etxea eta Garraioa hautatu dira hasierako agertoki izateko. Hala, Interneten gunean, sistema elektronikoetan, teknologia digitalean, amaraunaren funtzionamenduan eta kokatze-sistema orokorretan (GPS eta abar) trebatuko dira bisitariak. Etxea agertokiak, berriz, gai hauek izango ditu xede: energia aurreztea, ingurune-adimena, iraunkortasuna, biozientziak, eguzki-energia, erregai-pilak, eta hidrogenoa energia-iturri gisa. Eta, azkenik, Garraioaren arloan, gai hauek landuko dituzte: materialak, aerodinamika, elektronika eta mekanika, besteak beste.
Aldi baterako erakusketak, berriz, egungo gaiez eta ikerketa-fasean dauden teknologia-gaiez arituko dira. Hainbat gai lantzeko tailerrak ere izango dira, esaterako, biozientziak, automatismoak, nanoteknologia eta robotika.
BTEKeko metodologiak elkarreragina izango du oinarri; bisitaldiek 2 ordu eta 30 minutu iraungo dute, eta, erakusketaren osagarri gisa, erakusketari buruzko bisitaldi gidatuak, tailerrak, ikus-entzunezkoak eta bisitaldi libreak antolatuko dituzte."
Artikulu hau oso interesgarria iruditu zait, arlo honetan zerikusia daukalako. Gainera, garrantzitsua da jakitea zer nolako aurrerapenak egiten duten. Baina hitz hauetan gehien harrapatu nauena izan da gazteentzarako izango direla, batez ere. Eta honi arreta jarri behar diogu etorkinak direlako.

Iturria: http://www.basqueresearch.com/berria_irakurri.asp?Gelaxka=1_1&Berri_Kod=1287&hizk=E#hasiera

No hay comentarios: