miércoles, 24 de octubre de 2007

Internet eta teknologia berriak

Artikulu honetan internetari buruz hitz egingo digu. Bertan, zer den internet, nola dagoen osatuta sarea eta nola konektatzen den internet puntuak ikusiko ditugu:
"Teknologia berriak edo IKT (Informazioa eta Komunikazioaren Teknologiak) izenekoak gure bizitzan sartu dira Interneti esker. Medikuntza, heziketa, merkataritza ala aisialdiari aplikaturiko teknologia berriez hitz egiten denean, neurri handi batean, arlo hauetako edozeinetan Internet erabiltzea esan nahi du. Baina, zer da Internet? Noiz sortu zen? Nola dago egituratuta? Eta batez ere, zertarako balio digu?

Askorentzako Internet fenomeno berri bat izan arren, bere jatorria 1969. urtean aurkitzen dugu, urte hartan ARPA-k finantziatutako ARPANET sarea sortu zenean, Estatu Batuetako Defentsarako Departamentuak sorturiko proiektu barruan. ARPAren helburu nagusia ingurune militarrean aplikatutako teknologiaren alorrean Estatu Batuak mundu osoko lider bihurtzea zen; eta era berean, ARPANETen helburuetako bat.
Horretarako, ordenagailu haiek interkonektatu egin zituzten, bide anitzak erabiliz, eta horrela, bat kaltetua suertatuz gero, informazioa beste batetik joan zitekeen.
ARPANET lau nodok osatutako sare bat izan zen, eta lau nodo horiek UCLAn (Los Angeles Kalifoniako Unibertsitatea), SRIn (Stanford-eko Ikerketa Institutua), UCSBn (Santa Barbara Kaliforniako Unibertsitatea) eta Utah-ko Unibertsitatean kokaturik zeuden. Bi konputagailuen arteko lehen komunikazioa 1969. urteko urrian gertatu zen UCLA eta Stanford artean.
Ondoren, 80ko hamarraldian, amerikar ikertzaile eta zientzialariek haren antzeko proiektu bat burutu zuten, eta horren helburua zientzia eta heziketaren arloan baliozko informazioa banatzea zen. Proiektu hau, Zientziarako Fundazio Nazionalak koordinatu zuen (NSF) eta NSFNET izendatu zuten.
Horrekin batera, eskualde mailan, Estatu Batuetan zehar eta Europan eta Asian hauen moduko ekimenak garatzen joan ziren. Interkonexio hauen zabalkuntzak gaur egun Internet bezala ezagutzen duguna ekarri zuen.

Zer da Internet?
Interneti deitzeko erarik ohikoena sarea da. Internet mundu osoan zehar interkonektaturiko ordenagailu-kopuru handi batez osaturik dago, telekomunikazio azpiegitura zabal baten bitartez, eta mota desberdinetako informazioa trukatzea posible egiten du: testua, irudiak, soinua, etab.
Gaur egun, Internetek munduan ehunka milioi erabiltzaile dauzka eta zifra egunez egun gehitzen doa. Baina agian, atalik interesgarrienetakoa, Internet herrialde, enpresa edo partikular batena ez izatea da, baizik eta pertsona askoren lanaren elkartzea.
Interneten bitartez jarduera ugarietarako bidea dugu. Postak bidali, munduko edozein tokitako pertsonekin harremana izan, heziketa-zentroetan ikasi non bizi garen garrantzirik izan gabe, liburutegiak bisitatu, edonolako artikuluak erosi, bidaia bat antolatu eta horrela, abar luze bat. Hau guztia, eguneroko hogeita lau orduetan, urteko hirurehun eta hirurogeita bost egunetan zehar.
Ikus dezakezunez, Internetek ez du atsedenik hartzen eta egunero, gero eta gehiago dira sarearen bitartez egin ditzakegun gauzak, gure saguaren mugimendu bakarrez.

Nola dago osatuta sarea?
Esana dugu sarea elkarrekin konektatuta dauden ordenagailuen multzoa dela, baina, zein ordenagailuz ari gara? Funtsean, eremu lokaleko sare batean (LAN) bi eratako ordenagailuak ditugu: bezeroak eta zerbitzariak.
·Bezeroa, zerbitzari izeneko beste sistema indartsuago baten zerbitzuak jasotzen dituen ordenagailua da.
·Zerbitzariak ordenagailu bezeroentzat funtzio komunak administratzeaz arduratzen den ordenagailua da. Zerbitzariek informazioa biltegiratzeko eta prozesatzeko gaitasun handiagoa dute.
Sare guztietan zenbait ordenagailu bezero eta zerbitzari bat edo gehiago izan ohi dira. Sareko funtzionamendu horri esker, adibidez, erabiltzen ditugun zenbait programa zerbitzarian bakarrik instalatuta egon daitezke, eta sareko bezero guztiek horiek exekutatu ditzakete beren ordenagailuetan erabat instalatuta eduki beharrik izan gabe. Testu-prozesadoreak, datu-baseak eta kalkulu-orriak biltzen dituzten ofimatika-multzoak dira zerbitzarietan instalatu ohi direnak. Interneten, zerbitzariek biltegiratzen dute nabigatzailearen bitartez ikusten dugun informazioa. Horietako askok, ordenagailu bezeroetatik bidalitako posta elektronikoko mezuak biltegiratu eta bideratzeko funtzioak (router-funtzioa) ere betetzen dute.
Adibide bat, posta-mezuak bidali eta jasotzeko programaren erabilera litzateke. Bezeroak bere ordenagailuan mezua idazten du eta helbide zehatz batera bidaltzen du. Zerbitzariak mezulari-programa dauka eta honek mezuak bidali eta jasotzea, gorde eta erabiltzaile batetik bestera bidaltzea posible egiten du.
Sareak bi motatan bereizten dira, betetzen duten ekintza-eremuaren arabera:
·Sare lokalak: LAN (Local Area Network) izenez ezagutzen direnak, ez dira km 1 baino luzeago. Horien adibideetako batzuk dira enpresa txikietako sareak edo unibertsitate-campus batekoak.
·Sare zabalak: MAN (Metropolitan Area Network) edo WAN (Wide Area Network) izenekoak. Lehenengo horiek 10 km inguruko lur-azalerak bil ditzakete, hiri baten parekoak. Bigarren motakoek, berriz, 1.000 km-ko diametroa izanik, herrialde oso bat besarka dezakete.


Nola konektatzen da Internet?
Internet osatzen duten ordenagailuak elkarrekin konektatuta daude telekomunikazio-sistema desberdinen bitartez.
·Kobrezko kablea: sistema telefonikoak erabili ohi duena da.
·Kable ardazkidea: kobrezko kableak baino kapazitate handiagoa dauka eta interferentziekiko sentiberatasun gutxiago dauka. Bere erabilera ohikoena kable bitartezko telebista da.
·Zuntz optikoa: beirazko zuntz-filamentuek osatzen dute. Transmisio-abiadura handiagoa ahalbidetzen du.
·Sateliteak: mikrouhin-labe eta telefono mugikorren sistemekin bezalaxe, informazioa airez joaten da uhinen bitartez.
Telekomunikazio-sistemek, truka daitekeen informazio-kopurua eta datuak zein abiaduratan bidaiatzen duten zehazten dute.
Nola konektatzen da gure ordenagailua Internetekin? Ekintza honen erantzulea modem izeneko gailua da, eta bere funtzioa ordenagailuetan dagoen informazioa itzultzea da, telekomunikazio-bideen bitartez bidaltzea posible izateko (adibidez, telefonoa) eta hartzen duen ordenagailuak prozesatu ahal izateko. Ordenagailuek ingelesez soilik eta telefono-bideek frantsesez hitz egingo balute bezala da. Modema lehenik ingelesetik frantsesera itzultzeaz arduratuko litzateke, Internetekin konektatzen denean, eta gero, frantsesetik ingelesera, webgunetik heltzen zaigun informazioa hartzeko. "

Hasieran aurkeztu dudan moduan hiru puntu/galdera horiek azaldu ditu era ulergarri batean. Uste dut oso garrantzitsua dela zerbaiti buruz hitz egin baino lehen garatu behar garela gai horren inguruan, gehienetan jakin barik berba egiten dugulako. Beraz, hemen daukazue leku bat gai honi buruz zerbait gehiago jakiteko.

No hay comentarios: